You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: Iberdrola
Babeslea: Babesle: Iberdrola

Sarrera

Erakusketa honek Alberto Giacomettik (1901–1966) lau hamarkadatan zehar egindako ekoizpena biltzen du; XX. mendeko itzal handieneko artista izan zen bera. Berrehundik gora eskultura, pintura eta marrazkiren bitartez, atzera begirakoak ikuspegi paregabea eskaintzen du egile horren obraren gainean, eta agerian jartzen du artistaren alargunak, Annettek, bildutako artelanen eta artxibo-materialaren bikaintasuna; Parisko Fondation Giacometti erakundean gordeta dago guzti hori. 

Alberto Giacometti Suitzan jaio zen, artisten familia batean. Giovanni Giacometti margolari neoinpresionista ezaguna zen bere aita, eta hark erakutsi zizkion pintura eta eskultura; Alberto gazteak aita irudikatuz egindako hiru buru daude hemen ikusgai. 1922an, Parisera joan zen bere formazio artistikoan sakontzeko, eta lau urte geroago, hil artean erabili zuen tailerrean instalatu zen, alokairuan: 23 metro karratu eskas zituen, eta Hippolyte-Maindron kalean zegoen, Montparnasse-tik hurbil. Gela estu eta txiki hartan, Giacomettik inguruan zuen munduaren oso ikuspegi pertsonala sortu zuen. 

Giza figura da Giacomettiren laneko gai nagusietako bat. Urteetan zehar, inguruko pertsonengan inspiratutako obrak sortu zituen; nagusiki Diego anaia, Annette emaztea, maitale eta lagunak izan zituen inspirazio iturri. “Betidanik, kanpoko munduaz eta, bereziki, giza aurpegiaz eta oro har gizakiaz dudan ikuspegia ulertzeko bitarteko gisa erabili izan ditut eskultura, pintura eta marrazkia; edo, errazago esanda, nire lagun hurkoez eta, bereziki, gauza batengatik edo bestearengatik, nigandik hurbilen daudenez dudan ikuspegia ulertzeko”. 

Giacomettik giza figura lantzeko zeuzkan ideiak arte garaikidearen funtsezko gako bihurtu dira hurrengo artista-belaunaldientzako.


205 Aretoa

Kubismoarekin topaketa Parisen

1922an, Giacometti Parisera joan zen Académie de la Grande Chaumière akademian Antoine Bourdelle eskultorearekin ikasteko. Laster ezagutu zituen zenbait artistaren obra postkubistak (besteak beste, Jacques Lipchitz, Henri Laurens, Constantin Brancusi eta Pablo Picassorenak); aurkikuntza horren ondorioz, prestakuntza klasikoa alde batera utzi zuen, eta neokubismoaren hiztegi formala bereganatu zuen, baina oso estilo pertsonalarekin eta giza figuran arreta jarrita. 

Ziklade uharteetatik ekarritako antzinako estatua greziarrak ikusi ahal izan zituen Giacomettik Louvren, eta, horren harira, eskulturak planoarekin zuen erlazioa aztertu zuen. Musée d’Éthnographie du Trocadéro museora ere joaten zen sarri, eta abangoardiako aldizkariak irakurri ohi zituen, Cahiers d’art eta Documents esaterako; argitalpen horietan ikus daiteke garai hartan mendebaldekoa ez den artearekiko zegoen zaletasuna. 

1927an, eragin horiek Koilara-emakumea  (1927) obran laburbildu zituen. Igeltsuan sortu, eta brontzean moldekatu zen gero, eta garai hartako obra monumental eta totemikoena da. Kubismoaren berezko geometria, arte afrikarreko forma estilizatuak eta Europako modernitatearen sinpletasun formala interpretatzen ditu pieza horretan Giacomettik. Eskulturak abdomen ahur handi bat du, emakumezkoen umetokia iradokitzen duena; garbi dago Dan kultura afrikarreko koilara zeremonial antropomorfoetan inspiratuta dagoela, eta oparotasunari gorazarre egiten dio. 

Giacomettiren eskulturak gero eta konplexuagoak eta abstraktuagoak bilakatu ziren, eskultura lau batzuekin muturrera iritsi zen arte; eskultura horiek bolumenik gabeak dira, apur bat grabatu edo zizelkatutako gainazal leundukoak. Horren adibide dugu Burua begira (1929), igeltsuzko eskultura plano bat, barrunbe leun bat duena, ia nabari ez den begi bat dirudiena. Pieza horiek 1929an jarri ziren ikusgai Parisen, eta artista eta intelektual ospetsuen interesa piztu zuten; besteak beste, Georges Bataille, André Breton eta Salvador Dalí-rena.

206 Aretoa

Surrealismoa

Surrealismoaren korronte artistiko eta literarioa 1924an sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte egon zen aktibo; Paris izan zuen epizentroa. Surrealismoa arrazionalismo modernoa desagerrarazten saiatu zen, irudimenaren bidez. Psikoanalisiaren eta mitoaren eraginpean, surrealistek uste zuten subkontzientean barneratzeak sexualitateari, nahiari eta indarkeriari buruzko barne-mundu konplexuak azalerarazi ditzakeela. Giacomettik ametsen lengoaia ikertu zuen, surrealistek zioten moduan, eta 1931n bihurtu zen, ofizialki, André Breton-en taldeko kide. Eragin surrealistak obra onirikoak eta originalak ekarri zituen laster; haietan, barne-munduak irudikatzen dira, ezohiko irudien bidez. 

Giacomettiren estilo guztiz pertsonalak artista eta intelektual ospetsuen interesa piztu zuen. Dalíren iritziz, Bola zintzilik (1930–31) “funtzionamendu sinbolikoko objektu” surrealistaren prototipoa da, eta indarkeriazko edukia edo eduki erotikoa ditu. Objektu desatsegina (1931) joera honetako eskultura enblematikoena da, eta ondo baino hobeto egiten du bat Georges Bataille-ren idazkietan nagusi diren basakeria-fantasiekin. 

Emakume lepo egina (1932) piezak ezin hobeki islatzen du 1930eko hamarkadaren hasieran Giacometti surrealismora atxiki izana. Artistarentzat oso interesgarriak ziren mugimendu horrek inkontzientean barneratzeko zituen moduak, gai konplexuak aztertuz; egoera antagonikoak: mina eta estasia, gizakiarekin lotutakoa eta gizakiarekin lotuta ez dagoena; baita aldi berean erakarri eta higuina sortzen duten motiboak ere, intsektuen forma esaterako.

207 Aretoa

"Kaiolak" eta espazioa mugatzea; kalea eta plazak

1935ean, Alberto Giacometti mugimendu surrealistatik urrundu, eta berriz ere modelo batetik abiatuta hasi zen lanean: haren anaiak, Diegok, eta modelo profesional batek, Rita Gueyfier-ek, egunero posatzen zuten artistarentzat. Eskultoreak askotariko modelaketa-teknikak aztertu zituen, eta, aurpegi geometriko eta figuretan lan egitetik, modu espresiboagoan lan egitera pasatu zen. 

1940ko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerran zehar, Giacometti figura luzangak sortzen hasi zen, argalak, ingerada zehaztugabekoak, giza figura urrutitik ikusten denean bezala. Baieztatzen zuenez, figura handiak egitea faltsua iruditzen zitzaion, eta luzeak eta estilizatuak egiten zituenean soilik zetozen bat gizateriaz zuen ikuspegiarekin. 

1950eko hamarkadaren hasieran, Giacomettik berriz ere kutxaren motiboa erabili zuen garaiko obra askotan; besteak beste, Figuratxoa bi etxeren artean (1950) lanean. Kutxak existentzialismoaren kontzeptu ugari irudikatzen ditu modu grafikoan: adibidez, konfinamendua, isolamendua eta herstura; era berean, kontzeptu horiek existitzearekin lotuta egon daitezke. Ideia hori bera dago “kaiolen” obren oinarrian; hain zuzen ere, garai surrealistan ere esperimentatu zuen gai horrekin: Sudurra (1947) obran, puntak obra mugatzen duen markoa zulatzen du, literalki, eta kanpora ateratzen da. 

Basoa (1950) lanean, Giacomettik zenbait figura luzanga biltzen ditu, oinarri batera ainguratuta, eta, nolabait, baso bat gogorarazten digute. Zutik daude, zuhaitzak balira bezala, eta elkarrengandik hurbil, baina elkar ukitu gabe. Zuhaitz-formako figura luzanga horien arteko erlazioa kokatuta dauden espazio negatiboaren bidez sortzen da. Obra horiek, eta figura bakarra edo figura multzoak dituzten antzeko beste obra batzuek, une horretan Giacomettik hausnargai dituen ideiak adierazten dituzte: jendez beteta dagoen toki batean ere bakarrik senti gaitezkeela (kalean, plazetan, toki irekietan, etab.).

209 Aretoa

Existentzialismoa: figura luzanga eta filiformeak

Honela definitu zuen Sartrek Giacometti: “artista existentzialista perfektua [da], izanaren eta ezerezaren arteko erdibidean”. 

1945etik aurrera sortu zituen artistak bere obrarik ezagunenak: oso figura luzanga eta estilizatuak ziren, espazioaren eta modeloaren eta artistaren arteko espazioari buruko kezka berriak islatzen zituztenak. Giacometti Parisera itzuli zen, eta, eskala- -aldaketaren bidez, gerraren traumak eragindako larritasuna adierazi ahal izan zuen. “Gerraren ondoren nazkatuta nengoen, eta neure buruari zin egin nion ez nuela utziko nire estatuak hazbete bakar bat ere murriztea. Eta, orduan, hau gertatu zen: altuerari eustea lortu nuen, baina estatua oso mehea geratu zen, zurtoin bat bezalakoa, filiformea”. 

Erakusketak azpimarratu egiten du artistak igeltsua edo buztina bezalako material moldagarriekiko zuen interesa. Obra baten ekoizpenean, sortzaile askok igeltsua tarteko material gisa baliatzen duten artean —hura buztinez modelatu eta brontzez moldekatu aurretik—, Giacomettik hasierako formarako nahiz amaitutako pieza taxutzeko baliatzen du material hori. 

Giacometti 1956ko Veneziako Bienalean Frantzia, harrera egin zion herrialdea, ordezkatzeko hautatu zutenean, espazio hartan bere lana nola erakutsi ahal izango zuen hausnartu zuen artistak. Pieza berriak egin nahi izan zituen, aurreko batzuekin batera aurkezteko, eta, horrela, serie bat sortu zuen, Veneziako emakumeak izenekoa. Erakusketa hau aukera paregabea da igeltsuzko zortzi eskultura horiek batera ikusteko; horietako batzuk pinturazko ukituekin. Ekainetik, duela gutxi Parisen inauguratu den Giacometti Institutuan egon dira ikusgai.

202 Aretoa

Eskultura txikiak eta marrazkiak

1938 eta 1944 artean, Giacomettiren eskulturak gero eta txikiagoak bihurtu ziren, eta ikuslearen eta irudikatutako modeloen arteko distantzia handitu egin zen. Gerra-garaian, Giacometti Suitzara joan zen, eta bertan denbora asko eman zuen Silvio ilobarekin. Historia irakatsi zion haren figura behin eta berriro zizelkatzen zuen bitartean, estudio bihurtutako hoteleko logela batean. Espazio horretan eskulturak sortu zituen, hala nola Busto txikia idulki bikoitzaren gainean (1940–1941), baita beste irudi batzuk ere, esaterako, Silvio zutik, eskuak poltsikoetan (1943). Urte asko igarota, Silviok gogora ekarri zuen nolakoa zen osabarentzat posatzeko prozesua (batzuetan 15 minutuz; eta beste batzuetan, berriz, ordubetez). Egun batean figura bat egiten zuen, eta hurrengoan, figura hori bera hartu eta gehienez zortzi edo hamar zentimetrora murrizten zuen tamaina bikoitza izandako pieza hori. 

Hala, zuzenean dakigu nola baztertzen edo murrizten zituen obrak Giacomettik, haiek forma txikiagoetan sintetizatuta. Honela azaltzen du artistak bere bilakaera: “Bizitik abiatuta, eskultura txiki-txikiak egiten nituen: hiru zentimetrokoak. Nahi gabe egiten nuen hori. Ez nuen ulertzen. Handi hasi eta txiki-txiki bukatzen nuen. Gauza txiki-txikiak soilik iruditzen zitzaizkidan [modeloaren] antzekoak. Gero ulertu nuen: pertsonak ezin dira beren osotasunean ikusi harik eta urrundu eta txiki-txiki bihurtzen diren arte”. 

Areto honetan, 1960ko hamarkadaren hasieran tintaz paper gainean egindako buruen zirriborroak daude. Marrazki horien bitartez, Giacomettiren praktika estimatu dezakegu; aurpegia modu obsesiboan lantzeko zuen joera, begiradaren ehiza etengabean, bizi-txinparta norbanako bakoitzaren begietan. Harentzat, begirada, horrek ikuslearen espazioan sartzeko izan dezakeen modua, erabakigarria da. 

Marrazketa teknika surrealista edo abstraktuekin esperimentatu ostean, artista baliabide tradizionalago batera itzuli zen, eta horretan jardun zen hil zen artean: bizitik egindako pinturan, hain zuzen. Egunero egiten zituen zirriborro konpultsiboak irudikapenean egia bilatzeko ariketak ziren.

203 Aretoa

Pinturak

Giacomettiren pinturan erretratuak dira nagusi, eta artistaren inguruko pertsonak ardatz: Diego anaia, Annette emaztea, azken maitale izan zuen Caroline eta lagun intelektual batzuk. Posatzerakoan, modeloek lan-saio luzeak egin behar izaten zituzten, eta geldi-geldi egon behar izaten zuten Giacomettik erabateko antzekotasuna aurkitu nahian zebilen bitartean. 

1957tik aurrera, kolore- eta pintzelkada-geruzak metatuta margotu zituen erretratuak, obra ia-ia eskultorikoak iradokitzeraino. Artistak, ordea, oraindik uste zuen ez zutela behar bezala irudikatzen errealitatea. “Nire pinturak errealitatearen kopia lortu gabeak dira. Eta konturatzen naiz, nire lanean, nik egiten dudanaren eta irudikatu nahi dudan buruaren arteko distantzia berdina dela beti”. Frustrazio horren ondorioz, modu obsesiboan murgildu zen lanean; batzuetan, obrak suntsitzen zituen; eta beste batzuetan, berriz, berregin. Honela deskribatu zuen prozesua haren lagun eta poeta Jacques Dupin-ek: “[aurpegia] Nirea da, baina baita beste norbaitena ere, urrunetik, sakonuneetatik ateratzen dena eta atzera egiten duena, hura atzematen saiatzen garen orduko. Modeloen gaineko analisi nekaezinak ezagunetik daukan guztia kentzen dio azken batean, ezezaguna dena agerian uzteko, sakonuneek askatzen duten alde ezezagun hori, hain zuzen”. 

Oro har, Giacomettiren erretratuek lasaitasun beldurgarria islatzen dute, hondo lurkara eta grisekin; itxura bukatu gabea dute. Marra bertikalek eta horizontalek zeharkatzen dituzte hondoak, obrak markoztatzeko, eta kaiolen lerro eskultorikoak iradokitzen dituzte, konfinamendua. Honela zioen Giacomettik: “Bat-batean sentipen bat izan nuen, alegia, gertaera guztiak aldi berean existitzen zirela nire inguruan. Denbora horizontala eta zirkularra bihurtzen zen, espazioa zen aldi berean, eta ni hura marrazten ahalegintzen nintzen”.

208 Aretoa

Eskalari buruzko ikerketa

Espazio honetan, Alberto Giacomettik 1938tik aurrera landutako eskala desberdinak biltzen dituzten obrak ikus daitezke. Garai surrealistaren aurretik, artista bere eskulturen idulkiaren formari eta dimentsioei buruzko hainbat aldaera aztertzen hasia zen, berarentzat elementu hori obraren beraren zati baita. 1957an, eskalari eta giza figurari buruzko bere ikerketan jarraitu zuen Hanka (1958) obran, idulki oso altu batean kokatutako pieza izugarria berau. Haren tamainak eta egoera zatikatuak antzinako eskultura ekartzen digute gogora. Eragin hori esteletan ere ikus dezakegu, haien idulkiak, zutabe antzekoak, gizonen bustoekin koroatuta baitaude; horren adibide dugu Buru handia (1960). 

Gizona oinez (1960) da Giacomettiren obrarik ezagunena, eta XX. mendeko eskultura ospetsuenen artean dago. 1930eko hamarkadan Emakumea oinez obrako pausoa hain dotore zizelkatu zuenetik, Giacomettik keinu horren irudikapenean jarri zuen arreta, estatua egiptoarren tradizioan inspiratuta. Artistak bazekien estatua neurrigabe eta mugiezin gisa baino ez zuela ikusten emakumea, existentziaren idolo gisa; gizonak, aldiz, tinko egiten zuen aurrera, mugimenduan. 

1959an, New Yorkeko Chase Manhattan Bank-en aurreko plazan kokatzeko multzo monumentalerako egin behar zuen lanaren aitzakian, bere eskulturan lehenengoz 1947an sartutako motibo hau berau landu zuen berriz. Azkenean amaitu gabe geratu zen proiektu horretan, Giacomettik Gizona oinez eskultura Buru handia lanarekin eta Emakume handia batekin batera aurkeztu nahi zituen; azken horrek 2,50 m-ko altuera zuen.


Katalogoa

catalogo foto

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa katalogoak XX. mendeko artista garrantzitsuenetako baten lau hamarkadatako ibilbidea aztertzen du. Hautatu ditugun eskultura eta pintura txundigarrien erreprodukzioak lau atal kronologikotan sailkatuta daude. Halaber, gai horiei buruzko hiru testuk —Catherine Grenier, Mathilde Lecuyer-Maillé eta Petra Joos-ek idatzitakoak— eta André Parinaud-ek Giacomettiri berari 1962an egin zion elkarrizketa batek osatzen dute katalogo antologiko hau.

Prezioa: 42 €
Lagunentzako prezioa:  39,90 €

Erosi orain

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean