You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: Iberdrola
Babeslea: Babesle: Iberdrola

Artista

Alberto Giacometti

Alberto Giacometti 1898an jaio zen, Borgonovo (Suitza) kantoiko herrixka menditsu batean. Haren aita, Giovanni Giacometti (1868-1933), oso margolari neo-inpresionista ezaguna zen Suitzako bildumagile eta artisten artean.

Hamalau urte zituela, 1914–15 aldera, Alberto Giacomettik Diego anaiaren bustoa zizelkatu zuen aitaren estudioan, eta, 1915 aldera, bere lehenengo olio-pintura egin: Natura hila sagarrekin. Bai aita, bai aitabitxia, Cuno Amiet margolari sinbolista (1868–1961), oso figura garrantzitsuak izan ziren Alberto gaztearen bilakaera artistikoan.

1922an Parisera joan zen, Émile-Antoine Bourdellek Grande Chaumière akademian ematen zituen eskultura-eskoletan izateko. 1925ean, bere lanak aurkeztu zituen lehenengo aldiz, Tuilerietako aretoan. Urte hartan bertan, Diego anaia harengana joan zen Parisera; eskultorea eta diseinatzailea zen, eta elkarrekin aritu ziren lanean, Albertoren ibilbide osoan.

1926 aldera, artista gaztea arte afrikarrean interesatu zen. Bi obrak ezagutarazi zuten Giacometti jendaurrean: Bikotea, 1926ko Tuilerietako Saloian erakutsia; eta Koilara-emakumea, gune berean 1927an erakutsia. Akademiak defendatzen zuen irudikapen naturalistatik urrundu zen artista, eta handik gutxira sortu zituen obretako batzuek garbi erakusten dute mendebaldekoa ez den artean interesa zuela. Eragin horrek luzaroan iraun zuen haren ekoizpen artistikoan.

Giacometti André Breton-en mugimendu surrealistari atxiki zitzaion 1931n, eta bertako kide aktibo bihurtu zen. Burua begira lanak taldearen arreta erakarri zuen 1929an, eta Emakumea oinez (1932) 1933ko erakusketa surrealista handirako sortu zuen artistak.

1935ean, Giacometti surrealismotik urrundu zen, eta berriz ere bizitik abiatuta hasi zen lanean. Diego anaiak eta Rita Gueyfier modelo profesionalak egunero posatzen zuten artistarentzat. Eskultoreak askotariko modelaketa-teknikak aztertu zituen, eta, aldeen arabera lan egitetik, modu espresiboagoan lan egitera pasatu zen; obra horiek haren heldutasuneko estiloa aurreratzen dute. Ikusten denez, modeloa interesatzen zitzaion, eta hori garbi uzten du, baita ere, pinturara itzuli izanak.

1941ean, Alberto Giacometti Suitzara joan zen, eta bertan geratu behar izan zuen Bigarren Mundu Gerra amaitu zen arte. Genevan, eskultura txikiak egin zituen idulki erraldoien gainean. Aldaka biribilduko emakume-figurak egiteko, urrutitik ikusitako emakumearen siluetaz gogoratzen zuen horretan oinarritzen zen. Haurren figura txiki-txikiak ere zizelkatu zituen, iloba Silvio inspirazio iturri zutenak.

Paris utzi aurretik, Giacomettik Jean-Paul Sartre filosofoa ezagutu zuen, eta oso lagunak egin ziren. 1946an hirira itzuli ondoren, Giacometti eta Sartre maiz bildu ziren Saint-Germain-des-Prés auzoan. Filosofoak artistaren obran lantzen den pertzepzioaren gaiari buruzko funtsezko bi saiakera idatzi zituen: bata 1948an; eta bestea 1954an.

Gerra amaitu ondoren Giacomettik aztertu zituen gaiak intelektualen artean nagusi ziren existentzialismoan eta absurduaren filosofian oinarritzen dira.

Artista txundituta geratu zen kalean zebiltzan jendaldeen mugimenduarekin, eta konposizio berriak sortu zituen; adibidez, Hiru gizon oinez, motibo hori irudikatzen duen lehenengo eskultura. Geroago sortutako lanek emakume-figura totemikoak gizonen buruarekin konbinatzen dituzte, harrizko lauza handi batean gainean; horrela, idulkiaren funtzioari buruzko ikerketan sakondu zuen. Lehenengo aldiz garai surrealistan agertu zen kaiolaren motiboa berriz ageri da Sudurra lanean.

1949an, Alberto Annetterekin ezkondu zen, eta haren emakumezko modelo nagusia bihurtu zen artista hil zen arte. Urte hartan bertan Giacomettik esperientzia sakona bizi izan zuen, film bat ikusten ari zela, eta, orduz geroztik, argi eta garbi ikusi zuen nola hautematen zituen jendea eta objektuak espazioan. Figuraren ideia berri hori forma filiformeko Giacometti estiloa izenekoarekin fusionatu zen: emakumeak zutik, hieratikoki aurrera begira, eta gizonak oinez, lokomozioaren gaineko hieroglifiko gisa, irregularki modelatuak; forma horiek giza gorputzeko zatien eskulturetan ere aztertu zituen.

Eskultura ugari sortu zituen aldi benetan emankor baten ondoren, Giacometti bizitik egindako pintura eta eskulturara itzuli zen 1947 eta 1950 artean, eta distantzia jakin batetik hautematen zituen bezalaxe irudikatu zituen luzaroan posatzen egoten ziren modeloen buruak.

1952 eta 1953 artean egin ziren XX. mendeko arte-erakusketa gehienetan Giacomettiren obrak daude; adibidez, hauetan antolatutakoetan: Musée d’art Moderne (Paris), Kunsthaus (Zürich), Kunsthalle (Basilea) eta Museum of Modern Art eta Art Institute (Chicago, AEB). 1955ean, haren lanaren atzera begirako bi erakusketa handi antolatu ziren aldi berean: bata, Londreseko Arts Council-en, David Sylvesterrek antolatutakoa; eta bestea, berriz, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en.

1955ean, Giacomettik Isaku Yanaihara filosofia-irakaslea ezagutu zuen, aldizkari japoniar batek hala eskatuta berari buruzko artikulu bat idaztera joan zitzaionean. Yanaiharak Giacomettiren tailerrera egiten zituen bisita haietan, lagun handiak egin ziren. 1956 eta 1961 artean, Yanaiharak Giacomettirentzat posatu zuen, eta, horrela sortu zen artistak egindako gizonezkoen erretratu multzo garrantzitsuenetako bat.

1956an, lehen aldiz, Veneziako emakumeak aurkeztu zen Veneziako Bienaleko Frantziaren pabiloian. 1959an, Giacomettik bere buruari Caroline esaten zion 21 urteko emagaldu bat ezagutu zuen. Haren erretratu ugari egin zituen artistak 1960 eta 1965 artean, eta, haietan, errealitatea irudikatzeko modu berriaren goren-unea ikus daiteke.

1964an, hemezortzi saiotan, James Lord-en erretratu bat pintatu zuen behin eta berriro. Lordek argazkiak atera zizkion artistari, eta harekin izaten zituen elkarrizketak grabatu zituen; material hori guztia Alberto Giacometti: A Portrait liburuan argitaratu zuen 1965ean.

1965ean, New Yorkeko Museum of Modern Art-ek Giacomettiren erakusketa sakon bat egin zuen, eta Chicagora, Los Angelesera eta San Frantziskora eraman zuen. Uztailean, Londreseko Tate Gallery-k Alberto Giacometti: Sculpture, Paintings, Drawings 1913–1965 atzera begirakoa inauguratu zuen. Amsterdamgo Stedelijk Museum-ek haren marrazkiak erakutsi zituen.

Irailean, Ernst Scheidegger-ek eta Peter Münger-ek Alberto Giacometti filmatu zuten Stampan eta Parisen; bertan, artistak Jacques Dupin-en erretratu bat egiten zuen, eta poetarekin mintzatzen zen irudizko busto bat modelatzen zuen bitartean.

Azaroan, Arte Ederren Sari Nazionala eman zion Frantziak Giacomettiri; urte beraren amaieran, Bernako Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen.

1966ko urtarrilaren 12an hil zen Alberto Giacometti, eta hiru egun geroago lurperatu zuten jaioterriko hilerrian, Borgonovon.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean